IGOR

BETIRA ARTE, KOMANDANTE!

IgorUmearen izena?
Igor.
Ez, Igor izen debekatua da, ezin da Igor izan.
Igor deituko da.
Ezetz ba.
Bueno, bera Igor deituko da, zuk jarri nahi duzuna errejistroan, ni banoa, agur.

Bernardo aitaren izena eraman zuen karnetean bizitza osoan, denok Igor deitzen geniolarik (Francoren poliziak ezik, baina hori ez dugu kontatuko hemen).

Francoren diktadura gordinean jaio zen San Inazio auzo langilean.
Eraikinak egin berriak, baina dena zegoen eraikitzeko bai auzoan bai Euskal Herrian: Auzokideen bizi baldintzak, langileen eskubideak, bertoko hizkuntza eta kultura, eskubide zibil eta politikoak, natura zaintza, askatasuna, jai herrikoiak... Horretan egon zen Igor, guztietan eta ez edonola, ez. Lehenengo lerroan beti lan egiteko prest, nahiz eta argazkian ez agertu nahi izan.

Hau guztia dela eta, gazte hasi zen sindikalgintzan, politikan, dantza taldean, ikastolan, auzo elkartean, Komite Antinuklearretan, Kultur Etxean, Gramola Irratian, Jai Batzordean, ... lan eta bizi zen bitartean. Guztietan bultzatzaile, laguna, langile eta aitzindari.

San Inazioko Jai batzordean jaia eta giroa, euskal kultura zuen. Hor ere betetzear zegoen zuloa ikusi zuen eta martxan jarri zen: Erraldoiak zeuden Bilbon, baina ez zegoen modurik auzoetara eramateko. "Ez badituzue ekarriko, guk egin eta eramango ditugu". Horrela herri konpartsa sorrera bultzatu zuen Bilbon, Mairuek Erraldoien Konpartsa. Urte gutxi batzuk beranduago, Deustuko Konpartsa ere sortu zen, bera gidari, nola ez: ONDALAN ERRALDOIEN KONPARTSA.

Igor erraldoiak1995eko abenduaren 3an izan zen. San Inazioko kafetegi horretan. 7 lagun elkartu eta Igor 5 urterako aurreikuspen ezberdinak zituen lan-plan batekin aurkeztu zen: musikari, elkarte eta beste Erraldoi konpartsen ekarpenak bilatu, bazkideak, ekitaldiak,jendea, lokala, hazkundea...

Helburuak argi izanik, hori bai, hasi baino lehen: kultura tradizionala suspertu, jai imajinagintza bultzatu eta eguneko jaiak indartu. Erraldoiak dantzatzea ez da helburu hutsa, ingurunerik gabekoa izan behar. Erraldoiek, herri honetan kokatuta, herri honen eta bere kulturaren alde egingo dute dantza. Ondalanen ibilbidea hiru ardatz hauen inguruan jorratu dugu urte guzti hauetan.

Hau esanda, 1995eko abenduan auzoan ia inork ez zekien zer zen Erraldoi bat. Ez auzoan, ez Bizkaian. Erraldoi gutxi eta haietatik asko, abandonaturik.

Hilabete batzuk geroago, 1996ko martxoaren 24an, Ondalanek Deustuko jaietan Erraldoien lehen elkarretaratzea antolatu zuen, aurkezpen ofiziala izanik.

IgorBigarren urtean, aurreikuspen guztiak gaindituta, gehiago zorpetu ginen kiliki eta zaldikoak egiteko. 3 urtetan zorra ordainduta, beste batean sartu ginen, inork hemen ikusi ez zuen
beste zerbait egiteko, Konpartsa Txikia, Bizkaian lehena. Harrobia jorratzen jarraitu genuen ondoren, eta beste tamainetako Erraldoiak egin genituen: Gaztetxoentzako Mamutxak eta ume txikitxuentzat Txikiena.

20. urtemugan, inoizko Erraldoien bilkurarik handiena antolatu genuen Bizkaian, ia 70 figura izanik.

Gaur egun, 28 urte geroago, 18 Erraldoi ditu Ondalanek eta laister, gehiago.