Dossier 2001
Pertsonaia erraldoiak kultura guztietan agertzen dira. Ziklope zein Titaneetatik hasi eta Basajauneraino, denak aro guztietako gizakiengan eragina izan dute.
Baina XIII. mende amaieran eta XIV.aren hasieran Elizak, erdi aroko erritual zaharrak aintzat hartuz, “Pertaberria” ezarri zuen Eukaristia goratzeko. Prozesio handi bat izaten zen gehienetan, alkarte guztiak parte hartzen zutelarik. Haiekin batera Erraldoi, Nanoak eta batzutan munstro itxura zuten animalien irudikazioak agertzen dira, hauen artean Taraska nabarmentzen delarik

Bilbon, Gorpuzti eguna XVI. mende hasieran ospatzen hasten da (bildutako lehenengo erreferentziak 1509 urtekoak dira). Hartan Erraldoiak Rabi eta Nanoekin batera agertzen dira; Erraldoiek dantzatzen duten bitartean, Nanoek jendetza puxikez gogaitu eta jo egiten dute.
Ordutik hona, Bilbok Erraldoiak mantendu ditu ia etenik gabe, XIX. mende amaieratik aurrera Bizkaiko garrantzizko ia herri guztietan zehar hedatzen direlarik, erlijio kutsu hura alde batera utzita. Pertsonai famatu zein herrikoien irudiak islatzen zituzten, herri bakoitzeko historia zatiak adierazten zituztelarik, nahiz eta azken urte hauetan zapuzten ari izan.

Deustua, haren baitan ospatutako jai eta erromeri ospetsuengatik aski ezaguna, duela gutxira arte batez ere nekazal izaera zuen elizatea izan da.
Seguraski horregatik, Deustua Bilbao izatera pasatu baino lehenagoko erraldoirik egotearen daturik ez da topatu (dauden datuen arabera, erraldoiak Hiri eta Urietako jaien barruan agertzen dira batipat). Geroztik ere ez da presentziarik izan, Bilboko Udalak Erraldoiak bere auzoetara ez bait daramatza.
Hau guztia dela eta, egoera honi ikuspegi independiente batetik aurre egiteko Konpartsa sortzea erabaki genuen, XIX. mende amaiera eta XX. hasierako Deustuko historiarekin erlazionatutako pertsonaiak antzeztuko zituzten irudiez osatua.
Pertsonaiak Deustuko Antzinako Elizatea zatiturik zegoen bi eremu ezberdinak isladatzen dituzte, Goiherria alde batetik era itsasadarraren inguruak bestetik.
